Ikusleak pilotalekuetan dira berriz, zazpi hilabete pasatxo sartu ezinik egon eta gero. Pozik hartu dute berria pilotariek, enpresako ordezkariek eta zaleek
Berria. Ikusleak pilotalekuetan dira berriz. Joan den ostiralean egin zen lehen jaialdia ikusleekin, Amezketako (Gipuzkoa) Larrunari pilotalekuan. Egun horretan amaitu zen zazpi hilabete pasatxoko itxaronaldia. Akabo isiltasuna pilotalekuan. Saltsa itzuli da. Horrekin ados daude Jokin Altuna Aspeko pilotaria, Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertziala eta Gloria Ansa pilotazalea. Hirurak bat datoz: «Ikuslerik gabe, pilotak galdu egin zuen esentzia».