Altuna eta Dario pozik daude igandeko finalerdirako aukeratutako pilotekin. Biek uste dute bikotekidea konfiantzaz dagoela
Berria. 1996an jaiotakoak dira biak. Nerabe zirenetik jokatu dute elkarren aurka, eta ondo ezagutzen dute elkar. Baina ez dira aurrez aurre egon halako garrantzia duen partida batean. Igandean, Astelena pilotalekuan, buruz buruko finalean egoteko lehiatuko dira. Altunarentzat bigarren finala litzateke. Lehenbizikoan 22-14 irabazi zion Olaizola II.ari; Dariorentzat, berriz, lehena. Altuna ageri da faborito nagusi, baina Dariok ezustea eman zuen aurreko astean Irribarria egungo txapelduna kanpoan utzita, eta beste balentria bat egin nahi du. Biek atzo aukeratu zituzten iganderako pilotak, eta pozik zeuden topatutakoarekin.