Baiko enpresako hamabost pilotari grebalariek akordioa lortu dute Eskuzko Pilota Enpresen Ligarekin, eta bertan behera utzi dute lanuztea
Berria. Kito. Amaitu da pilota mundua inoiz ez bezala astindu duen lurrikara. Bukatu da Baiko enpresako eta haren pilotari gehienen arteko lan gatazka. Akordioa lortu dute hamabost pilotari grebalariek EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligarekin eta erakunde hori osatzen duten bi enpresekin, Baikorekin eta Asperekin. Atzo itxi zuten tratua, eta, horren ondorioz, bertan behera geratu zen azaro bukaera arte deituta zegoen greba. Hamabost pilotari horiek jokatzeari ekingo diote berriz asteburu honetan. Hiru asteburu luze egin dituzte lehiatu gabe, joan den urriaren 9an greba hasi zutenetik. Haien itzulerarekin, pilotak ohiko jarduna berreskuratuko du, eta kantxan gertatzen denak bereganatuko du arreta: lehiak besterik ez. Hilabete eta erdi iraun duen lan gatazkak muturrera eraman du ezkerpareta profesionala, baina, pilotazaleen zorionerako, bi aldeak ados jarri dira gatazkari amaiera emateko.