Elordi txapeldun

«Buruz buruko estreinako txapela irabazi du Aitor Elordik Bilbon, merezimendu osoz garaitu baitu Jokin Altuna. Goi mailako urtea osatu du mallabiarrak: hirugarren izan zen lau t’erdian, txapeldun binaka, eta buruz buru ere onena bera izan da

Azken orduan deitu zioten txapelketa jokatzeko, eta txapeldun egin du. Hitzez azal ezin daitekeen balentria lortu du Aitor Elordik, buruz buruko txapeldun izan baita, Jokin Altuna 22 eta 18 garaituta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Duela urtebete jaialdiko hirugarren partidak jokatzera ohitua zegoen, eta hanka eta erdi etxean izateko arriskua ere sentitu zuen barruan mallabiarrak. Ordea, burua markurtu eta etsi beharrean, prestakuntza aldatu, burua jaso eta behetik gora egin du nabarmen Aspeko pilotariak. Besteak beste, lehenbizi hirugarren postuan amaitu zuen lau t’erdikoa, gero txapeldun izan zen binaka Jose Javier Zabaleta lagun zuela, eta orain txapel handietan handiena jantzi du. Merezita, gainera. Lehiaketa osoan bezala, nortasunez eta erritmo handian aritu da, eta markagailuan atzetik izan arren, ez du sekula etsi. 14na berdindu du lehia lehenengoz, eta azken txanpan askoz hobeto egin ditu gauzak. Hortaz, estreinako txapela merezimendu osoz jantzi du, Juan Martinez de Irujoren eskutik. «Oraindik ezin dut sinetsi egin dudana. Lasai jokatu dut, aparteko presiorik gabe, eta hori gakoa izan da. Normalean berak egiten duena nik egin dut. Erabaki oker batzuk hartu ditut, dejadekin batez ere, baina burutsu aritu naiz. Laino artean nago», adierazi du Elordik.

+ info: https://www.berria.eus/albisteak/228962/elordi-txapeldun.htm.

Entrada anterior
Aitor Elordi: «He hecho algo que nadie creía, pero no quiero que esto pare. Voy a por más»
Entrada siguiente
Aitor Elordi: «Ahora debo aprender a gestionar la presión»