Asegarcek aurrelaririk eta atzelaririk onena elkartu ditu, Goizuetakoa eta Albisu elkarrekin ariko baitira Binakako Txapelketan. Etzi hasiko da ligaxka, Amezketan
Berria. Aimar Olaizolak hogeigarren aldiz hartuko du parte Binakako Txapelketan. 39 urterekin, alde handiz da txapelketan arituko den pilotaririk beteranoena. Zaharrenetan bigarrena Oinatz Bengoetxea da, eta Olaizolak baino bost urte gutxiago ditu. Ibilbide luze eta oparoa egin du. Urrunago joan gabe, iaz txapelketako pilotaririk onenaren saria jaso zuen, eta finaletik tanto bakan batzuetara gelditu zen, Ander Imazekin bikote eginez. Olaizola II.ak, baina, urteak zeramatzan atzelari sendoago bat eskatzen.