Ardoaren Desafioaren parte bezala txertatu dute Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarriak jokatu beharreko Buruz Buruko finalaren errepikapena. Bi pilotariek «gustura» jokatuko dute partida hori.
Gara. Urte batzuetan posible izan ez den arren, ohitura moduko bat izaten da Andre Maria Zuriaren jaien barruan Buruz Buruko txapela irabazi duen pilotariak urteko partidarik garrantzitsuena galdu zuenari errebantxarako aukera ematea. Aurten ere Oinatz Bengoetxeak eta Iker Irribarriak, edo hobeto esanda, Asegarcek eta Aspek, horretarako modua adostu dute eta leitzarrak eta aramarrak abuztuaren 7an jokatuko dute Ogetan, gauez, elkarren aurka. Hori bai, berrikuntza moduan eta lau egun baino izango ez dituen feriaren barruan, bi aurrelarien arteko dema Ardoaren Desafioaren barruan sartu dute; Retegi Bi/Artola arituko dira Lau eta Erdian eta Elezkano II.a-Martija eta Laso-Untoria binaka.