Txundigarria, zenoztarrak Iruñeko Labrit frontoian egin zuena kaiolako finalerdian: Jakak hasieran sei tanto segidan egin zituen, baina hortik aurrera, Etxeberria 22raino iritsi zen gelditu gabe. «Momentu onean nagoela esango nuke».
Ezin hitzik topatu Peio Etxeberriak atzo Iruñeko Labriten egin zuenari. Zenoztarrak 22 tanto egin zizkion Erik Jakari, gelditu gabe, bata bestearen atzetik. Hala, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortu du bigarrenez segidan, eta azken lau txapelketetatik hirutan finalera ailegatu da —iaz Lau eta Erdikoan Altunaren aurka galdu zuen finalean, Binakakoan txapelduna izan zen, Buruz Burukoa ez zuen jokatzerik izan, eta aurten kaiolakoan finalean da berriz ere—. «Ikaragarria da. Orain ez naiz konturatzen. 15 urterekin ez nuen pentsatu ere egingo», adierazi zuen Aspeko aurrelariak, partida amaitu berritan.