Bihotzeko arazoek «behartuta», pilota profesionala uztea erabaki du Juan Martinez de Irujok. Omenaldia egingo diote ekainaren 24an, Iruñean, Labrit pilotalekuan
Berria. «Ezin dut pilotalekuan lehiatzen jarraitu. Osasuna da lehentasuna. Ez naiz gehiago zuriz jantziko» Hitz horiekin jakinarazi zuen Juan Martinez de Irujok atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuko kantxan egindako agerraldian, erretiroa hartuko duela. Pilota munduan iraultzaile izan den aurrelariak agur esan behar izan du, bihotzeko arazoen ondorioz. Iazko uztailean topatu zioten bihotzeko gaitza, Aspeko ohiko osasun kontrol batean. Ordutik mediku askorenean ibili den arren, onena pilota uztea dela erabaki du.