Buruz buruko txapelketak hiru berrikuntza izango ditu: egutegi osoa zehaztu dute, botilero arautegia sortu dute eta finalerdietarako pilotak aurretik emango dizkiote hautatzaileari. Finala Bilbon izango da
Berria. Urteak dira pilota enpresek euren jarduna profesionalizatu eta zehaztu nahi dutela. Pilotaren profesionala berriztatzeko hainbat erabaki hartu dituzte. Batzuetan pauso irmoak izan dira, pilotarien prestaketan edo egutegien antolakuntzan esaterako, eta beste batzuetan keinuak baino ez. Enpresak, historikoki, ez dira oso aldaketa zaleak izan, baina aurtengo buruz buruko txapelketak hiru berrikuntza dakartza: egutegi osoa hasieratik zehaztuta dago, finala barne; finalerdietatik aurrera erabiliko diren pilota sortak final-laurdenak jokatu baino lehenago hautatuko dira, eta botilero nor izan daitekeen arautu dute. Tira, zehatzagoak izanda, nor izan ez daitekeen arautu dute. Ikusi beharko pausoak edo keinuak diren.