Unai Lasok eta Peio Etxeberriak lau eta erdiko txapela izango dute jokoan gaur, Bizkaia pilotalekuan. Abel Barriolak final «estu eta gogorra» aurreikusi du, eta gutxigatik bada ere, Laso jo du faboritotzat.
Hamarkada bat atzera egin beharra dago Nafarroako bi pilotariren arteko finala topatzeko Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketan. 2014an garai hartako bi izar nagusiak lehiatu ziren txapelaren bila, eta Juan Martinez de Irujok irabazi zion Aimar Olaizolari: 22-17. Hamar urteren ostean, beste bi nafar ariko dira nor baino nor gehiago gaur, Bilboko Bizkaia frontoian (17:00, ETB1): Unai Laso eta Peio Etxeberria. Ezohiko finala jokatuko dute, azken zortzi urteotan Jokin Altuna izan baita beti finalistetako bat. Lau txapel jantziak ditu amezketarrak, eta, gaur, distantzia motzeko lehen txapelaren bila kantxaratuko dira Laso eta Peio Etxeberria. Biek final bana badute galdua, eta estreinakoz sartu nahi dute lau eta erdiaren historian.