Tolosaldeko Ataria. Pilotazaleek arreta gune ugari izango dute asteburu honetan ere. Batetik, ohi bezala, eskualdeko pilotari gaztetxo eta gazteak hara eta hona ibiliko dira partida han eta partida hemen beren abilidadeak neurtzen, eta bestetik, Migel Soroaren omenezko Ogi Berri Txapelketaren bigarren jardunaldia burutuko da Tolosako Beotibarren, igandean.
Denaz gain ordea, bi-bitako txapelketa jokatzen ari diren eskualdeko pilotari profesionalek erakarriko dute gehienen arreta.
Altuna eta Artola bosgarren puntuaren gose
Bi-bitako Txapelketa Nagusiko ligaxkako bederatzigarren jardunaldia jokatuko da aste honetan. Altuna III eta Barriolaren bolada ona joan den astean eten zuten Erik Jakak eta Zabaletak, Mungian. Elkarrekin jokatuz partidarik galdu gabe zeuden txapelketa honetan ordura arte amezketarra-eta, baina obeditu behar izan zuten lizartzarra eta Zabaletaren jokoa dela-eta. Partidaren aurretik TOLOSALDEKO ATARIA-n egin zen inkestan Altuna-Barriolaren aldeko joera azaldu zuten zaleek, nabarmen, baina bestelako emaitza eman zuen partidak: Zabaletak bere golpe bizia inposatzeko aprobetxatu zuen Mungiako frontoi azkarra eta Jaka lizartzarrak ez zuen aukera galdu tantoak bata bestearen atzetik egiteko, eta, bide batez, zein mailako pilotaria den erakusteko.