Hiru hilabete joan dira Victor profesionaletara itzuli zenetik. Argi du: «Opari honi, bigarren aukera honi, ahal dudan probetxu handiena atera nahi diot». Bihar Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Lau eta Erdikoan.
Berria. Aste bete-betea izan du Victor Estebanek (Ezkarai, Espainia, 1993): Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena lehenbizi; pilota aukeraketa gero; eta entrenamendu tekniko zein fisikoak bukatzeko. Baina gustuko tokian, aldaparik ez. «Gozatzen ari naiz. Izugarri sumatu dut pilotaren egunerokoaren falta».
Bueltan dago Victor Esteban?
Bai, bueltan naiz [barrez]. Sekulako ilusioa dut berriz txapelketa bat jokatzeagatik. Pasatu zena pasatu eta gero, pilota profesionalera itzultzea oparia izan bazen, zer esanik ez berriz ere txapelketak jokatzea. Izugarri pozik nago.