Hemezortzi partidatik hamasei irabazita izan dira binakako txapeldun. Finala ere merezita irabazi zuten. Lau hilabete elkarrekin igaro dituzte, eta txapelak ere batera ospatu dituzte
Berria. Bestondoak eta bestondoak daude. Gauez pixka bat ibili denak ondo daki hori, eta, nonbait, baita Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 1996) ere. «Gaurkoa inoiz izan dudan bestondorik gozoena da, buruz buruko txapelaren ostekoarekin batera». Sekretu askorik azaleratu gabe, Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993) gehitu du «luze» joan zela igande gaueko ospakizuna, azalpen eta guzti. «Aspaldian gauez ibili gabea nintzen eta, garaia zen!». Biek aurpegi ona dute arratsaldez; hogeitaka gutxi urterekin gorputzari azkar antzean ematen zaio buelta.