Irribarriaren agurra

Aramako txapeldunak premiazko prentsaurrekoa deitu du pilota utziko duela jakinarazteko

Buruz buruko txapeldun gazteenak bere ibilbide profesionaleko unerik zailenetako bati aurre egin behar izan dio gaur. Iker Irribarriak, Fernando Vidarterekin (ASPEko Administratzaile Bakarra) batera, bere ibilbide profesionalari uko egin behar diola adierazi du.

Aramako aurrelaria, aitorpen zail honetan, ASPEko langile guztiekin egon da, bulegoko lankideetatik pilotarien plantillaraino. Fernando Vidartek Irribarriaren neurriko figura bat galdu izana nabarmendu du, pilotarako eta, bereziki, ASPErako. Eibarko agintari nagusiak jakinarazi duenez, martxoaren 4an ASPEk agurreko jaialdi bat antolatuko du Atano III.ean. Iker Irribarriaren azken partida ikusteko sarrerak 13: 00etan hasiko dira.

Irribarria arropado por el equipo de ASPE y la plantillaJarraian, Ikerrek hitzez-hitz eman duen diskurtsoa aurreratuko dugu:

“Hasteko, Fernando Vidarte eta ASPEri eskertzea nahi diot nere ametsa betetzeko aukera ematearren. Esan nahi nizueke prentsaurreko hau pilotari profesional gisara nire etorkizunari buruz jakinarazteko dela. Denbora luzez, duela urte bete ingurutik daramat mailarik gorenean jokatu eta entrenatu ezinda, nire belaunaren osasuna medio. Operatu ondoren hobekuntza sumatu nuen belaunean baina berehala itzuli ziren entrenatu eta nire mailarik onenean jokatzea galarazi didaten min eta ezinegonak. Saiatu naiz handik eta hemendik soluzioa bilatzen, eta egiari zor, ez da batere erraza izan. Belaunaren espezialista eta mediku onenekin behin baino gehiagotan egon naiz, tartean Mikel Sanchezekin, eta denen gomendioa argia izan da. Luzaroan nire kirol lana eta osasunari buruz hausnartu ostean esan beharrean nago nire kirol ibilbide profesionala martxoaren 4ean amaituko dela, indarrean dagoen kontratua amaituta. Bizitza honetan hartu behar izan dudan erabakirik gogorrenetakoa izan da hau, baina Julen Ortiz de Muruaren laguntza handiarekin errazagoa da osasunak duen garrantziaz jabetzea. Bihotzez eskerrak Julen.

Txiki-txikitatik gozatu dut pilotan, eta pribilegiatu handi bat sentitzen naiz pilotarien familiaren parte izateagatik. Atzera begiratuta, harro nago lortu ditudan lorpenengatik, baina pilotaren mundu ederrak eta izandako harremanek asetzen naute gehien. Pilotaria nintzen, naiz eta izango naiz, ez bainaiz kantxetatik gehiegi aldenduko. Kantxaren bi aldetan maitatua sentitu naiz, eta hori taldekide eta zaleei esker da; aho zapore gozo batekin esango diet denei eta bakoitzari agur.

Orduak eta orduak. Nire bizitzako denbora asko pasa dut pilotan baina beste hainbat arlo ere jorratu nahi izan ditut. Goi mailako kirolari izateak exigentzia mental izugarria dakar, gaztetatik “arrakasta” deitzen diogun hori eskuratzeak egoera zailak jartzen dizkizu esku artean; askotan bizi behar izan dut espektatibak ez betetzearen garratza, prentsaren presioa; ez da beti erraza izan baina presio eta barne arazoak sakon lantzeko aukera eta laguntza izan dut. Alderdi psikologikoa ere badu kirolak, sarritan gutxi ikusten dena, eta horretan lan egitearen emaitza ere bada erabaki hau. Benetan maite dudan zerbait uztera noa, eta jakitun naiz momentu hauetatik hainbat goi mailako kirolari eta gazte pasa direla. Jakin dezazuen oso identifikaturik sentitzen naizela zuekin, eta besarkada bana bidaltzen dizuet.

Bukatzeko, azken 8 urte hauetan nire ondoan egon direnei eskerrak eman nahi dizkiet. Haiengatik izan ez balitz nire bizitza beste bat izango litzatekeelako. Mila esker familiari, Julen Errandoneari, Jokin Etxanizi, Pedro eta Ana, taldekide eta lagunei. Gozatu dugu bidean eta segi dezagula. 

Eskerrik asko”.

Etiquetas / Etiketak: Irribarria
Previous Post
Lo que mal empieza, mal acaba para Ezkurdia-Martija
Next Post
ASPEk 25 urte bete ditu