(Berria). Aurreneko urtea du Lehen Mailako txapelketan, eta «gozatzen eta sufritzen» ari da. Ikasketa prozesu moduan hartu du, baina ez dio uko egiten finalerdietarako sailkatzeari. Oraingoz, lehian daude.
Energia berriztagarrien ingeniaria da, eta, orain, irakaskuntzarako gaitasun agiria ateratzen ari da. «Bigarren Hezkuntzako irakasle izan naiteke: matematika, fisika…». Mikel Larunbek (Galdakao, Bizkaia, 1993) ikasketak eta pilota uztartu ditu, «kostata», dioenez, «bietan arreta guztia jartzea zaila» delako. Aitortu du ikasketak bukatu eta pilotan buru-belarri hasi zenean goraka egin zuela. Prozesu horrek binakako txapelketara eraman du, eta, gaur, bere herrian jokatuko du, Galdakaon.