Amezketarra falta zaion torneo bakarra irabazten saiatuko da gaur Nafarroa Arenan, Iztueta gaztea bizkartzain duela, Imazekin jokatutako hiru finaletan huts egin eta gero. Sanferminetako lesioa gaindituta, etxarrendarra sasoi izugarrian da berriz.
Covidaren pandemiak ekarritako krisi eta zalantza garaiei aurre egiteko sortu zuten udako Mastersa indarra hartuz joan da azken urteetan, eta bere laugarren edizioko txapeldunak ezagutuko ditu gaur Nafarroa Arena erraldoian. Oraingoz, uda nolabait ardazten duen torneo honek ez du txapelketa «ofizialen» sonarik lortu, baina edonoren palmaresa dotoretzen duen txapelketa bat da, eta hauxe da azken hamar urteetan Jokin Altunari perfekziorantz egiten ari den bidaian irabazteke geratzen zaion bakarra. Ostiral gauean finalerdietan Iztuetarekin batera Zabala-Imazi 22-15 irabazita, gaurkoa laugarren finala izango du amezketarrak, baina aurreko hiruretan txapeletik urrun xamar geratu da, hiruretan Imazek lagunduta. Lehen edizioan, Bilbon, 22-9 galdu zuten Artola-Rezustaren aurka, eta azken bietan, 22-15 eta 22-6 Ezkurdia eta Mariezkurrenarekin.