Altuna-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz A multzoan arituko dira eta Laso-Mariezkurrena, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisuk osatuko dute B multzoa. Denera 9 jaialdi eta 26 partida jokatuko dira aurtengo sanferminetako gizonen ferian
Entzierroetan korrika egiten duten lasterkariek santuari babesa eskatzen badiote, pilotazaleek ezer gutxi gehiago eska diezaiokete San Fermini, bere omenez esku pilota enpresa profesionalek aparteko feria antolatu baitute Iruñea jaiaren epizentro bilakatzen den egun horietarako. Albisterik onena azken bi urteetako murriztapenen ondoren -duela bi urte ez zen torneorik ospatu eta iaz feriaren osagairik nagusiena diren pilotazalerik gabe jokatu zen- udako lehen feria garrantzitsuak normaltasuna berreskuratzen duela da. Denera, uztailaren 7an hasita, bederatzi jaialdi eta 26 partida jokatuko dira goraino betetzea espero den Labriten.