Sailkapenaren estutasunik gabe, tolosarrak partida borobila jokatu zuen bere ohiko lehiakortasuna topatu ezinik aritu zen Peioren aurka eta garaipen batekin esan dio agur Lau eta Erdikoari. Ultzamarrak gaurko irabazlea izango du aurkari finalerdian.
Lehendik ere erakutsia zuen Jon Ander Peñak kaiolan edonori irabazteko moduko pilotaria dela eta, sailkapenaren presio hori gabe, uste hori berretsi zuen, batez ere bere buruari, Peio Etxeberriari Arrasaten nagusitasunez irabazita. Egia da jokoan ezer gutxi egoteak asko baldintzatu zuela partida, egungo txapeldunordeak ziur aski hurrengo asteko finalerdia izango zuela buruan eta prestaketak ere hara begira eginak izango zituela, baina Zenotzekoari kaiolan irabazteko asko jokatu beharra dago eta tolosarrak hala egin zuen.