Behetik gorako Buruz Buruko baten ostean, Jokin Altunak bere hirugarren txapela nahi du jokatuko duen bosgarren finalean, eta Unai Lasok, aldiz, bere bigarrena txapelketa bikain bat borobilduz. Pronostikoek inoiz baino orekatuagoak dirudite aurten.
Lau eta Erdikoak eta Binakakoak pisua irabazi duten arren, Buruz Burukoko finala da, oraindik ere, esku pilotaren egunik handiena. Egun horretan -gaur 18.00etatik aurrera- erabakiko da nork jantziko duen gerriko gorria hurrengo 12 hilabeteetan, eta ikusgarria suertatzeko osagai guztiak ditu Jokin Altunak eta Unai Lasok jokatu beharreko finalak. Ezer faltatzekotan, tradizioa faltako luke gaur arratsaldeko finalak, amezketarrak eta Bizkarreta-Gereindiangoak lehen aldiz neurtuko baitituzte indarrak Buruz Buruko final batean, baina inor gutxik jartzen du zalantzan bi pilotari hauek direla, gaur egun, Aspe eta Baikoko oilarrak eta, gauzak normal joanda, aurretik Irujo eta Olaizolak, Eugik eta Belokik, Retegi II.ak eta Galarzak edo Retegi I.ak eta Lajosek bezala, hamarkada honetako kantxetako areriotasunaren protagonistak izango direla.