Kadete eta nagusietan gailenduta, Usurbilgo pilota taldeak irabazi du XIV. Berria Txapelketa
Duela bi urte bezala, Pagazpe Usurbilgo (Gipuzkoa) taldea izan da Euskal Herriko pilota elkarterik onena. Guztira 21 taldek parte hartu dute XIV. Berria Txapelketan, eta, ondo merezita, usurbildarrek jantzi zituzten txapelak, herenegun, Hernaniko udal pilotalekuan (Gipuzkoa). Harmailak lepo zirela, 2-1 garaitu zuten Tolosa, kadete eta nagusien mailan lortutako puntuei esker. Lehen bi partidetan puntu bana lortu ondotik, jaialdiko azken neurketak erabaki zuen lehia, eta ez zen falta izan emoziorik. Gogortasuna eta kalitatea izan zituen partidak, eta, azkenean, usurbildarrek irabazi zuten 3.000 euroko saria. Tolosak 2.000 poltsikoratu zituen.