Partida fisikoa baliatuta, aise irabazi dio Erik Jakari, eta bigarren urtez jarraian ariko da lau eta erdiko finalean. 6-0 atzetik jarri eta gero, hogeita bi tantoak jarraian egin ditu Aspeko pilotariak.
Aurtengo lau eta erdiko txapelketan ohikoa bilakatu den moduan, emaitza alde handiarekin joan da lehenengo finalerdia, Iruñeko Labriten. Hasieran 6-0 atzetik jarri arren, 22 tantoak jarraian egin eta 22-6 irabazi baitio Peio Etxeberriak Erik Jakari. Partida fisikoa eta landua baliatuta, maisuki jokatu du nafarrak, eta bigarren urtez jarraian izango da finalean. Buruz burukoan parte hartzeko aukerarik ez zion eman Aspek, baina jokatu dituen azken lau txapelketatik hirutan finalerako sailkatzea lortu du, eta goi mailan egonkortu dela berretsi du. Poza ezin ezkutatuta erretiratu da aldageletara. «Hasieran gaina hartu dit, baina pixkanaka nire jokoa egin dut, eta lasaituz joan naiz. Uste dut buruz ere aurrerapausoa eman dudala. Nire garai onenetako batean nago, heldutasun betean», adierazi du.