Iker Irribarria eta Oinatz Bengoetxea gustura azaldu dira euren pilotekin, baina leitzarrak esan du aurkariaren bat «gehiegizkoa» dela. Bengoetxearen iritziz, «David eta Goliaten artekoa» izango da
Berria. Buruz buruko Txapelketako berrikuntza nagusietako bat izan da. Finalerdietatik aurrerako pilota guztiak aurrez aukeratuak zituen Kepa Peñagarikano pilota hautatzaileak. Urtero materialaren inguruan izaten diren polemikak saihestu nahi izan dituzte horrela enpresek, eta lortu dutela esan daiteke. Bai, behintzat, erdizka. Aurrez hautatutako pilota horien artean aukeratu zuten igandeko finalerako materiala Iker Irribarriak eta Oinatz Bengoetxeak, atzo, Bilbon, eta oro har gustura azaldu ziren biak.