Behetik gora doaz Victor-Albisu eta Olaizola II.a-Untoria bikoteak, eta goitik behera Altuna III.a-Barriola
Berria. Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiak ere ez du gauza handirik zehaztu sailkapenean, eta estu egoten jarraitzen du. Jardunaldiak, hala ere, bi gauza utzi ditu agerian: bata, behetik gora ari direla Victor-Albisu —azken hiru partidak irabazi dituzte— eta Olaizola II.a-Untoria —azken biak irabazi dituzte—; eta bestea, Altuna III.a-Barriola goitik behera ari direla, nabarmen gainera. Galdu egin dituzte azken hiru neurketak, eta, hirurak kontuan hartuta, 25 tanto besterik ez dute lortu. Horren ondorioz, azken-aurrenak dira orain.