Otsailean profesionaletan jokatzeari utzi ostean, Oinatz Bengoetxeak gaur hartuko du erretiroa, jaioterrian. Hogei urte egin ditu profesionaletan, eta «oso pozik» dago, jokatzen ospatu baitu: «Hori nahi nuen».
Iritsi zaio agur esateko eguna. Gaur hartuko du erretiroa Oinatz Bengoetxeak (Leitza, Nafarroa, 1984). Otsailean utzi zion profesionaletan aritzeari, baina gaur erantziko ditu galtza zuriak betiko. Atzean utziko du hogei urteko ibilbidea. Etxean jokatuko du azkenekoz, lehen pilotakadak eman zituen tokian: herriko plazako frontoian. 11:00etan hasiko da haren omenezko eguna. Lehenbizi, gaztetxoek jokatuko dute, eta eguerdi partean, hura ariko da. «Norekin? Sekretua da», dio. Ondoren, herri bazkaria egingo dute kiroldegian: 800 lagun espero dituzte. «Itxura ederra du egunak».
Gaur jokatuko duzu azken aldiz. Zer moduz zaude?
Nahiko malenkoniatsu nago, baita pixka bat triste ere. Ia bizitza osoa daramat pilotari lotuta; urte onak eta politak izan dira. Pena ematen dit utzi behar izateak.
Content retrieved from: https://www.berria.eus/paperekoa/1857/020/001/2022-10-15/zoragarria-izan-da-horrela-bukatzea.htm.