Ibai Zabalak jokatuko du haren ordez larunbatean Iruñean, eta Untoriak jokatu du berriz Imazen lekuan
Berria. Andoni Aretxabaletak ez du batere zorterik lesioekin. Urte oso gogor baten ondoren burua altxatzen hasia zenean, arazo fisikoek berriz ere gogor jo dute. Markinako atzelariari erresonantzia magnetikoa egin zioten atzo, eta ez zuen albiste onik jaso: bi hilabete egin beharko ditu gutxienez geldirik. Aretxabaletak zuntz haustura handia du eskuin sorbalda azpiko dortsal giharrean, eta, horrenbestez, agur esan dio binakako txapelketari.