Elezkano II.ak eta Rezustak sekulako erakustaldia eman zuten eta bigarren urtez jarraian jokatuko dute Binakako Txapelketako finala
Gara. Egoera kuriosoa zen partida aurreko minutuetan. Apustuen dirua parean omen zegoen, eta joeraren bat izatekotan, gorria, Altuna eta Martijaren aldekoa. Datu hutsei begiratuta zaila zen halakorik ulertzea. Elezkano II.a eta Rezusta finalerdietara inolako arazorik gabe sailkatu ziren, eta finalerdietako ligaxkan ere aurreneko partida ongi irabazi zuten, itxura ona emanez. Altuna III.a eta Martija, aldiz, larri-larri sartu ziren finalerdietan, eta bigarren ligaxkan ere porrot batekin hasi ziren. Baina, antza denez, azken partidak zalantzak utzi zituen Elezkano eta Rezustaren inguruan, Irribarria-Zabaletaren aurka galdu arren seguruenik txapelketako bikoterik indartsuena, zentzu guztietan.