Alde handiarekin finaleko onena izanda Martijarekin 2020ko txapela irabazi zuenetik, binaka nahi beste gozatu ezinik dabil Arbizuko aurrelaria. Iaz bezala, lehen hiru jardunaldietan ezin izan du garaipenik eskuratu aurten debutaria den Xabi Tolosarekin, eta bere buruarekin kritiko topatu dugu
Naiz. Txapeldunek berezkoa dute irabazteko sena eta hiru porrot segidan gehiegi dira Joseba Ezkurdia bezalako pilotari batentzat. Baina aitzakiak bilatzen hasi aurretik, nahiago du barrura begiratu eta egindakoa aztertu. Lehen hiru jardunaldietan sentsazioak ez omen dira izan «horren txarrak», baina lehiakor izateko diagnostikoa nahiko argi dauka, huts tontoak pilatzeari utzi behar dio eta, batez ere, partidak hasieratik bukaerara lehiatu.