Olaizola II.a eta Imaz freskoago iritsi dira azken txanpara, eta partida gogorra irabazi dute. Hezetasunak zaildu egin du pilotarien lana
Berria. Aimar Olaizola zintzo mintzatu zen partidaren amaieran. «Imazek partida handia egin du; ni, berriz, hamabosgarren tantora arte galduta ibili naiz. Paretak bustita zeuden, zaila zen kokatzea, eta beste modu batera jokatzea erabaki dut, botera-eta. Gutxitan jokatu dut hain deseroso». Bai, baina irabazi, esango du norbaitek, hori baita irabazle sena, edo eskarmentua. Baldintzek jokoa errazten ez dutenean norabidea aldatzen jakin behar da, eta hor asmatu zuten Olaizolak eta Imazek. Horregatik eta freskoago bukatu zutelako lortu zuten ligaxkako bigarren puntua.