Lizartzakoak bere burua pilotaririk onenen aurka lehiatzeko gai ote zen frogatu nahi zuen eta bikain ari da
Gara. Bere burua oso zorrotz hartzen duten horietakoa dela dioen arren, kosta egingo zaio Erik Jakari Binakakoan orain arte egindako lanari koxkaren bat ateratzea. «Ematen du pixkana-pixkana ni ere goraka noala txapelketan, hasi oso ondo egin nintzen, gero partida bat edo beste izan ditut zalantza gehiagorekin ibili naizenak, baina Jose Javierrek ikaragarri laguntzen dit, lan ona egiten ari gara biok, elkar ondo hartzen ari gara eta horrek konfiantza hartzeko eta jokoa hobetzeko asko laguntzen du», azaldu zuen Altuna-Galarzaren aurka kantxan oso eroso sentitu zela onartu eta gero.