Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko dute gaur Arteagak eta Elordik. Bi pilotariak «gogotsu» daude gaurko norgehiagokarako
Berria. Axier Arteagak eta Aitor Elordik beste urrats bat egin nahi dute pilotari onenekin lehiatzeko bidean, gaur Tolosan buruz buruko Bigarren Mailako txapelketa irabazita. Arteagak behin irabazia du txapel preziatua, 2017an. Horrenbestez, bigarrena nahi du. Elordik, berriz, iazko arantza kendu nahi du, galdu egin baitzuen Darioren aurkakoa. Garaileak aukera izango du datorren urteko Lehen Mailako buruz burukoan atarikoa jokatzeko. Sari handia, aurtengoan Dario bera finalerdietara ailegatu dela kontuan hartuta.