Martxoaren 4a, horixe izango da Iker Irribarriaren ibilbide profesionalari epilogoa jarriko dion data. Abiadura, hitz batean nabarmendu beharko bagenu, horixe litzateke bere ibilbidea egokien laburtuko lukeen hitza; dena joan baita azkar, oso azkar, bere pilotakadak bezala, bere pilotari jardunean. 19 urterekin jantzi zuen Buruz Buruko lehen txapela, inork baino azkarrago eta agurra ere nahi baino azkarrago esan beharko du, bere eskuin belaunak hala aginduta. «Badakit hau dela onena niretzat» aitortu du aramarrak, taldekide eta etxekoek lagunduta eman duen prentsaurrekoan.