Bikain jokatu dute Labriten, Peña II.aren eta Albisuren aurka. Bihar jakingo da zein izango den beste bikote finalista: Ezkurdiak eta Rezustak aski dute hamasei tanto egitea Lasoren eta Iztuetaren aurka.
Laineza hartuta iritsiko dira Binakako Txapelketako finalera Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Gaur aski zuten Iruñeko Labriten irabaztea bi aste barru jokatuko den finalean egoteko, eta ezin hobeto jokatuta menderatu dituzte Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu. Irabazi ez ezik, erakustaldi galanta eman dute biek, nagusi izan baitira nola aurrean hala atzeko koadroetan. Jakina zen ahal handiko bikotea osatzen zutela, eta orain arteko unerik garrantzitsuenean, txapelketako partidarik onena jokatu dute. Bihar erabakiko da nor izango den bikote aurkaria, Donostiako Atano III.ean. Kontuak argi daude: Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak aski dute hamasei tanto egitea; aitzitik, Unai Lasok eta Martxel Iztuetak gutxienez zazpi tantoko aldearekin irabazi beharra dute.
Content retrieved from: https://www.berria.eus/kirola/lehen-finala-biziko-dute-artolak-eta-mariezkurrenak_2138939_102.html.