Gogoz gainezka daude Altuna eta Zabaleta: aurrelaria, ikusgarri dabilen aurkariarekin lehiatzeko; atzelaria, manomanista handi bati aurre egiteko
Berria. «Gogoa» eta «motibazioa»: Horra Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak atzo eginiko pilota aukeraketan gehien entzun ziren bi hitzak. Makina bat aldiz esan zituzten. «Ikaragarri ari da Zabaleta. Horregatik, izugarri motibatzen nau haren aurka jokatzeak. Oso partida ezberdina da, eta neure burua probatu nahi dut», esan zuen Altunak. Antzeko hitzak erabili zituen Zabaletak. «Buruz buruko pilotari handia da Altuna, eta, gainera, sasoi onean dago. Ezkurdia handi bati irabazi berri dio. Niretzat partida guztiak dira oso zailak, bada, hau, askoz gehiago. Erronka oso handia da. Baina gogo eta ilusio handia dut».