Julen Egigurenek jokatutako Promozio mailako bi finalak galdu dituen bitartean, Iker Salaberriak Buruz Buruko finalean jasotako belarrondotik osatu nahi du
Txapelak, lehen edo bigarren mailakoak izan, dira kirolari guztien amets eta helburu. Pilotaren kasuan, Promozio mailakoek lehen mailarako tranpolin izaera bat ere badute, nahiz eta azken urteetan atariko bat jokatzera behartzen dituzten, baina larunbatean Labriten Julen Egigurenek eta Iker Salaberriak jokatuko duten finalak izaera terapeutikoa ere izango du, biek izan baitituzte gertaera traumatikoak jokatutako azken finaletan. Azpeitiarrak iazko Buruz Buruko finala galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-7) eta duela bi urteko kaiolakoa Aitor Elordiren aurka (22-5) eta goizuetarrak, aldiz, aurtengo Buruz Burukoan Alberdiren aurka nabarmen galdu zuen (22-11), beraz, biek dute barruan sartutako arantzatxo bat, baina bakarra izango da hura txapel batekin ateratzeko gai.