Lehen aldiz, enpresa bereko lau pilotari ariko dira banakakoaren finalerdietan. Elezkano-Jaka lehia, larunbatean; Altuna-Dario, igandean
Berria. Danel Elezkano Erik Jakaren aurka, larunbatean, Bilbon; eta Jokin Altuna Dario Gomezen kontra, igandean, Eibarren (Gipuzkoa). Horra Banakako Txapelketako finalerdiak. Lehen aldiz, enpresa berekoak dira buruz burukoaren finalaurrekoetan ariko diren lau pilotariak; kasu honetan, Aspekoak. Lau eta erdikoan eta binakakoan gertatua zen, azken aldiz duela hamar urte, eta orduko horretan ere Aspekoak izan ziren nagusi. Baina inoiz ez zen halakorik gertatu manomanistan.