Buruz Buruko Txapelketako zauria sakona izan zela ezkutatu gabe, amezketarrak uste du dolua pasa duela. Horrelakoak ordaindu beharreko bidesariak direla ikasten ari ei da
Gara. Nola sentitzen zara finalaren aurrean?
Ba gogo eta ilusio handiarekin, zaila ikusten nuen berriz ere finalera heltzea, ze txapelketa hasi zenean ukitu xamar nengoen, kosta egin zitzaidan buelta ematea eta ikaste prozesu horretan nengoen. Iruditzen zait ikasi egin behar dudala asko. Gauzak emozioz bizitzen ditudan pertsona eta pilotaria naiz. Garaipenak dituzunean beti errazagoa da, baina porrot mingarriak ditudanean ikasi behar dudana da azkenean oraintxe ikusi dudana, hurrengo helburuetan zentratu beharra daukazula, hori da eta hazten jarraitzeko metodorik onena. Garrantzitsuak izan dira oso aste hauek niretzat, eta, orain, ilusioz gainezka.