Aldearekin irabazi arren, faboritoek ez dute neurketa ona jokatu. Markagailuan paretsu joan dira 14-14ra arte, eta ondoren segidan egin dituzte 22ra arteko tanto guztiak
Berria. Hotz hasi zuten Altuna III.ak eta Martijak Victor eta Aretxabaletaren kontrako partida, atzo, Bilbon. Irabaztea oso garrantzitsua zen bikote gorriarentzat, finalerdietara sailkatzeko aukerei eusteko. Faborito ziren, eta presioa nabaritu dute. Hala aitortu dute biek neurketaren ostean. Victor eta Aretxabaleta, berriz, txukun aritu dira aurkariak partidan sartu ezinik egon diren artean. Neurketa gogortu denean, berriz, ihes egin diete Altunak eta Martijak.