Jokin Altunak jantzi du lau eta erdiko San Fermin Torneoko txapela

14-22 hartu du mendean Erik Jaka. Txapeldunak ez du partidaren lehen zati ona egin, baina lehen atsedenaldi luzearen ostean buelta eman dio, pilotari abiadura gehiago emanez, eta sakean asmatuz. Jakak ezin izan du biribildu egindako partida hasiera ona.

Pilotari handiek zerbait badute, talentua da. Eta hori, partida horren ona egiten ez dutenean ere atertzen dute. Gutxi behar dute tanto erreskada bat egin, eta zaildu egin zaien norgehiagoka bati buelta emateko. Hala egin du Jokin Altunak lau eta erdiko San Fermin Torneoko finalean. Partidaren lehen zatian Erik Jakak estu hartu du. Lizartzakoak partida bikaina egin du, eta ordu arte hobea izan da. Baina Amezketakoak eutsi egin dio, aipatutako talentuari esker tantaka tanto ikusgarriak eginez. Lehen atsedenaldi luzearen ostean, gainera, abiadura handiagoa eman dio pilotari, eta sakearekin lau tanto segidan egin ostean aurretik jarri, eta azken txanpan oso nagusi izan da. Hala, 14-22 irabazita, hirugarrenez jantzi du txapela. Gustura zen partida amaieran.«Hasieran asko kostatu zait. Pilota ez zait eskuan ondo sartu, eta Erikek ondo mugitu nau. Sakearekin ere min egin dit. Bigarren zatian erasoago aritu naiz, eta sakeari esker buelta eman diot. Banuen gogoa eta beharra txapel hau lortzeko. Izan ere, joko aldetik urterik onena egiten ari naiz, baina txapelik irabazi gabe nengoen. Sekulako poza hartu dut irabazita, gero eta garestiago baitago». Jakak, berriz, sentipen kontrajarriak zituen:«Alde batetik pozik nago, partidaren zati luze samar batean maila onean jokatu dudalako eta nagusi izan naizelako. Sentipen onak izan ditut. Baina haserre ere banago, une erabakigarrietan ez dut asmatu, eta ez naiz gai izan horri buelta emateko. Txapelaren bila etorri naiz, ez dut lortu eta amorratuta noa».

+ info: https://www.berria.eus/albisteak/230427/jokin-altunak-jantzi-du-lau-eta-erdiko-san-fermin-torneoko-txapela.htm.

Etiquetas / Etiketak: altuna III, jaka
Entrada anterior
Altuna: «Es el día más bonito del año; la gente, de 10»
Entrada siguiente
Altuna III esprinta mejor que Jaka