Senda-agiria jaso du eta ostegunean erabakiko du larunbatean Galdakaon jokatuko duen edo ez
Gara. Ez omen dago 100 urte irauten duen gaitzik eta Mikel Urrutikoetxeak ere atzean utzi du azken hilabeteetan kantxetatik kanpo izan duen gaitza. Hori diote behintzat ostiralean egin eta atzo jaso zituen analisien emaitzek eta orain kantxetara itzultzeko data jartzea baino ez da falta. Printzipioz, larunbat honetan dago iragarria zaratamoztarraren itzulera, etxetik gertu, Galdakaon –Rezusta lagun, Altuna III.aren eta Larunberen kontra–, baina geldirik horrenbeste denbora eman ostean, entrenamendu gogor pare bat egin nahi ditu eta, horien arabera, ostegunean emango dio enpresari azken erabakiaren berri.