19-15 irabazten ari zirela, zuntz haustura bat izan du Anoetako atzelariak. Neurketa bikaina egiten ari zen. Datorren igandean jokatuko dute finala Laso-Imazen aurka
Kirolaren alderik gogorrena ikusi ahal izan da gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partida zoragarria izaten ari zen Altuna III.a-Tolosaren eta Elordi-Zabaletaren artekoa; finalerako txartela jokoan, nor baino nor ari ziren lau pilotariak. Tanto gogorrak, defentsa ikusgarriak, sekulako erremateak… gorriak 19-15 aurretik zirela, ordea, inork nahi ez zuena gertatu da: min hartu du Xabi Tolosak, eta minutu batzuk aldageletan eman ostean, jokatzen ez jarraitzea erabaki du. Oinez ere ezin zuen ibili ia. Ondorioz, Elordi eta Zabaleta sailkatu dira finalera.