Atzo, Urretxun, gorriz jantzitako bikotea oso txukun aritu zen; Aspekoak, berriz, bereziki Jokin Altuna, haserre eta ezinean aritu ziren
Laugarren jardunaldian iritsi zen, azkenean, Jaka eta Arangurenen aurreneko garaipena aurtengo Binakako Txapelketan. Aukeratutako tokia Urretxuko Ederrena pilotalekua izan zen, Santa Lutzi egunean eta, nahiz eta ohiko giro bikainik ez egon, pilotazaleek pilotalekua ia bete egin zuten atzo. Hori bai, partida nahiko eskasa ikusi behar izan zuten. Egia da irabazleek gauzak ondo egin zituztela -Jaka oso txukun aritu zen aurreko koadroetan eta Arangurenek atzean Tolosa dominatu zuen-, baina aipatu behar da Jokin Altunak ez zuela bere egunik onena izan eta, nahiz eta momentu askotan erritmoa eramaten saiatu zen, ezinean eta haserre sumatu zitzaion zenbaitetan.