Abuztuaren 5ean egungo buruz buruko txapelduna eta txapeldunordea ariko dira kantxa osoan Gasteizen
Berria. Andre Maria Zuriaren torneoa hasi bezperan, ikusmin handiko ardoaren desafioa izango da Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Aspe eta Asegarce enpresen arteko lehia binakako partidarekin hasiko da; Elezkano II.ak eta Martijak Arteaga II.aren eta Aretxabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ondoren izango da gaueko partida nagusia. Altuna III.ak, egungo buruz buruko txapeldunak, eta Olaizola II.ak, txapeldunordeak, jokatuko dute kantxa osoan. Buruz buruko finalean 14 eta 22 gailendu zen Amezketako gaztea. Goizuetakoak arantza ateratzeko aukera izango du, beraz. Altuna, oraindik bizkarreko lesiotik guztiz osatu gabe badago ere, badirudi ordurako jokatzeko moduan izango dela. Azken norgehiagokan, lau eta erdian ariko dira Retegi Bi eta Victor.