Joseba Ezkurdiak gaur ekingo dio buruz burukoari, Erik Jakaren aurka, Iruñean. Apustularien ustez, bera da txapela irabazteko faboritoa
Berria. Joseba Ezkurdia urtez urte gora egiten ari dela ez da uste soil bat. Emaitzek ere berresten dute haren bilakaera. Iaz, binakako eta lau eta erdiko txapelak irabazi zituen, egun handietan bere mailan aritzen ez zen pilotariaren estigma gainetik kenduz, eta buruz burukoan finalerdietara iritsi zen, inoiz baino urrunago. Gaur berriz ere ekingo dio buruz burukoari, final-laurdenetan, Erik Jakaren aurka, Iruñean (17:45, ETB1), eta txapelerako faborito nagusia izatearen zamarekin.