Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak astindua eman diete Irribarria eta Rezustari azkenaurreko jardunaldian (22-9), eta kanporaketara sailkatzeko aukerak handitu egin zaizkie, azkenekoan irabaztearekin barruan izango direlako.
Berria. Partida erabakigarria zen gaurkoa Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearentzat. Kale edo bale. Binakako Txapelketako kanporaketan sartzeko aukerei eutsi, edo etxera. Irribarria eta Rezustarentzat bigarren fasean aritzeko giltza zeukan gordeta gaurkoak: irabaziz gero, barrura. Galduz gero, gaurko aurkarien mende egon behar. Final kutsua zuen partidak, eta finalak jokatu eta irabazi egin behar omen dira. Tolosan, jokatu eta ondo, gainera, Baiko enpresako bikoteak egin du; Aspekoak, aldiz, ez du ezer egin. Azkeneko emaitza: 22-9. Eta gaurkoaren aurretik ia kalean zirenak barruan sartzeko aukera handiekin geratu dira; ia barruan zirenak, aldiz, kanpoan geratzeko arriskuarekin.