Aspeko bikoteak ideiak askoz garbiago izan zituen Tolosan. Baikokoen artean, Jon Mariezkurrenari pilota bat sartu zitzaion eskuineko eskuan
«Nola aldatzen diren gauzak kamarada», kantatzen zuen Hertzainak taldeak, eta gasteiztarrak boladan dauden honetan haren kantuak bikain ematen du atzo Tolosan aritu ziren bi taldeen ibilia laburbiltzeko. Duela hiru aste, enpresa bereko bikoteen arteko partidak amaitu zirenean, Peña-Mariezkurrena Peio Etxeberria-Rezustaren antipodetan ziren, jokoz eta puntuz, Baikokoak jokatutako hiru partidak irabazita eta Aspekoak denak galduta zirelako. Hilabete ere ez da pasatu ordutik, eta «sorpassoa» erabat gauzatu zen atzo Tolosan.