Arazorik gabe burutu dute pilota aukeraketa Lasok eta Imazek alde batetik eta Altuna III.a eta Xabi Tolosak bestetik, igandean jokatu behar duten Binakako Pilota Txapelketako hamaikagarren jardunaldiari begira. Nolanahi, irabazleak bigarren postua hurbilago izango du
Bada denbora Unai Laso eta Jokin Altuna elkarren aurka neurtzen direnean ikusmin handia sortzen dela. Hamar jardunaldiren ostean, Laso-Imaz bikotea Altuna III.a eta Xabi Tolosaren aurka neurtuko dira, igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Astearte honetako pilota aukeraketan, nolabait esatearren, partida hori erlatibizatzen ahalegindu dira protagonista guztiak, goitik behera ezer ere ez baitu erabakiko partida horren emaitzak.