Galtzaileek ez dute Anjel Lertxundiren eleberriko Domingo apustuzalearen amaiera tragikorik izango, baina hamasei astetan zehar egindako lana antzua izango da; sari handiko Bilboko gaurko partida kale egiteko koltxoirik gabe jokatuko baitute Artola-Imazek eta Peña-Albisuk.
Denboraldi bateko beste txapelekin alderatuta, maratoia izaten da Binakakoa, bere luzerarengatik. Erregulartasuna eta erresistentzia behar-beharrezkoak izaten dira urteko lehiaketarik luzeenean aurrera egin ahal izateko, baina Artola-Imazek eta Peña-Albisuk azken metroetan esprinterako gaitasuna ere erakutsi beharko dute gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan, bide desberdinetatik baina leku berera heldu baitira; finalerdietako ligaxkarako azken txartela banatuko duen partidara. Hamaseigarren dema izango dute gaurkoa Artola-Imazek eta Peña-Albisuk, lehenak partida bat gehiago irabazita helduko dira Miribillako kantxara, baina gaur 22. kartoira heltzen denak lortuko du hurrengo faserako sailkatzea; galtzaileek agur esango diote lehiaketari.