Elkarren segidan maila nagusiko bi txapel irabazi izana jadanik «barneratuta» daukala dio Aitor Elordik. Ekainean, 2025era arte berritu zuen hitzarmena Asperekin. «Merezi nuen halako kontratu berri bat».
Orain arte emaitzak aldeko izan ez baditu ere, bere kirol ibilbideko udarik «bereziena» bizitzen ari da Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996). Buruz buruko eta binakako txapeldunak txapelketa nagusietan sentitu ez zuen nekea «nabaritu» zuen oporretatik bueltan, eta urte guztian tantoa amaitzeko erakutsitako «erraztasuna» falta zaiola nabari du. «Ez nago kezkatuta». Beran jokatuko du gaur (Nafarroa).
Zure kirol ibilbideko udarik bereziena da hau?
Bai. Binakako eta buruz buruko txapelak irabazteak aukera eman dit bestelako uda bat bizitzeko. Gasteizko txapelketan izan ezik, beste torneo guztietan egon naiz, eta berezia da, bai.