Aurtengoak izango ditu azken sanferminak Elorzak, erretiroa hartzear baita: uztailaren 14ko ‘Gaixoa ni’ berezia izango da harentzat, festak ez ezik lan garaia ere bukatuko baitzaio. «Pribilegiatua» dela dio, irratia maite eta ogibide izan duelako.
Berria. Asko hitz egiten duen arren, ez zioten horregatik jarri Txapas ezizena Iñaki Elorzari (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952). Txapalangarra deitzen zioten Lodosako (Nafarroa) gerrillari Joaquin de Pablorengatik datorkio ezizena; Kixote deitzen zioten Literaturako irakasle batek jarri zion. Harro onartzen du, ordea, eta gustatu ere gustatzen zaio istorioa kontatzea. Euskadi Irratian hasieratik ibilia, gutxi izango dira haren ahotsa entzun eta ezagutuko ez dutenak. Azken lan egunak ditu, ordea, uztailaren 14an hartuko baitu erretiroa, sanferminetako Gaixoa ni-rekin batera.