Etxarrengoak eta Ezkurdiak, azken asteetako irudia hobetu, eta irabazi egin dute. 4-12 eta 8-16 aurreratu arren, partida ixtea kostatu zaie
Berria. Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta uztarri berean lotu zituen Aspeko teknikariak atzoko partida zuen buruan. Tira, gutxi gorabehera, erdialdetik aurrera besoa uzkurtu eta lanak bukatzea kostatu zitzaien eta. Baina, oro har, Labriteko partidaren hasiera sakandarren bikoteak eman dezakeenaren lagina izan zen. Behingoz elkar ondo hartu, eta Zabaleta nagusi izan zen atzean. Ezkurdiak, berriz, ondo bukatu zuen aurrean. Abiadaz artez baino gehiago, baina berdin dio. 4-12 aurreratu ziren, eta errenta horri esker lortu zuten txapelketako bigarren puntua.